Urtxintxa

Urtxintxa eskola 25. urteurrena

25 iritzi

25 urte lanean Urtxintxa Eskolarekin

Eduardo Aldasoro

Eduardo Aldasoro

Nafarroakoa Gobernuarekin burutu genituen egitasmo desberdinetan ordezkari teknikoa izan zen Eduardo. Gertukoa eta lan egiteko konfiantza osoa eskaini zigun. Horrek, Urtxintxari askatasunean eta erantzukizunean lan egiteko ateak ireki zizkion, bai Arantzako barnetegian eta baita beste ikastaro eta dinamizazioak egiteko ere. Garai haietatik hona Urtxintxak ibilbide bat egin du eta ziur garai haietako esperientziek egungo errealitatean isla dutela. Hona hemen 25.urteurrenaren harira berak idatzitakoa:

 

Urtxintxa Eskolak egonaldiak eta udaleku-zerbitzuak emateko lehiaketa irabazi zuen 2000an, eta horrela hasi zen Nafarroako Hezkuntzako Administrazioarekin harremanetan. Egonaldiak Arantzan izaten ziren, eta haietan euskaraz ikasten zuten ikasleek hartzen zuten parte gehienbat. Udalekuak, berriz, Arantzan, Beintza-Labaienen eta, azken urteotan, Zugarramurdin egiten genituen, eta haietan, euskara ikasgai gisara ikasten zuten ikasleek lehentasuna zuten. Bitxia zen ikustea Ablitasetik, Zarrakaztelutik edo Lerindik Arantzara iritsitako ikasleek harrituta egiaztatzen zutela Nafarroan bazela euskaraz bizi zen herri bat… Atzerrian zeudela edo sentituko ziren! Baina egiten zieten harrera abegikorrak eta aterpetxeko bazkari goxoak berehala sentiarazten zituen etxean bezala. Eta gero, poz-pozik itzultzen ziren beren etxeetara, bizi izandako esperientzia gogoan. 

2004an, 600 esperientzia baino gehiagoren artean aukeratu zuen gure programa Europako Batzordeko Hezkuntza, Kultura eta Gazteriaren Zuzendaritzak, Lingo proiektuan, Hizkuntza ikasleak motibatzeko 50 esperientzia eredugarrien bilduma osatzeko. Camps in Euskera deitu zuten gure proiektua eta Europa osoan banatu zen liburuxka hura, bost hizkuntzatan argitaratu zen: ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz, italieraz eta polakoz. 

1999-2000ko ikasturtean, Siadecok Nafarroako 12 eta 16 urte bitarteko ikasleek euskarari dagokionez zuten gaitasuna eta egiten zuten erabilera aztertu zituen. Horren ondorioz, euskararen erabilera murritzak hizkuntzaren inguruko gaitasun ezarekin zuzeneko zerikusia zuela ikusita, ikasgeletan formalak ez diren erregistroak landu beharra zegoela pentsatu genuen. Horrenbestez, Esther Mugertzak eta biok Ttakunekin eta Urtxintxarekin harremanetan jarri eta Lagunarteko Hizkera programa jarri genuen martxan. Begiraleen gidaritzapean, 10 orduko tailerrak ematen genituen ikastorduetan, hizkuntza ez-formala lantzeko. 2001-2002ko ikasturtean, Nafarroako DBHko lau ikastetxetan abiatu zen esperientzia: Baztango Lekarotz, Iruñeko Biurdana eta Barañaingo Alaitz institutuetan eta Lizarra ikastolan. Programak, gero, ibilbide luzea egin du hainbat eta hainbat ikastetxetan. 

Urtxintxa Eskolako jolasak ere pizgarri izan ditugu lanean. Batetik, Urtxintxak irakasleei nahiz gurasoei ikastaroak eman dizkie, ikasitako jolasak praktikan jar ditzaten, modu dinamikoan, hizkuntza biziagoa bilakatze aldera. Eta bestetik, materialak banatu ditugu eskoletan: Euskal jolasen bilduma I-Tortoloxak eta Euskal jolasen bilduma II-Ipurtargien ganbara. Euskarri ederra izan dira eguneroko jardunean eskoletan eta etxeetan. 

Isil-isilik eta oso arin “desagertu” dira programa horiek guztiak gure eguneroko lanetik, krisia dela eta ez dela. Baina gure harremana ez da eten, eta espero dut laster helduko dela garaia egindakoa berreskuratzeko eta asmo berriak abiarazteko, mantso eta poliki bada ere. 

Mila esker. Esker aunitz. Eskerrik asko, Urtxintxa Eskolako partaide guztioi elkarrekin egin dugun ibilbideagatik. Eta zorionak 25 urte hauengatik! 

Eduardo Aldasoro 

Nafarroko Hezkuntza Administrazioko euskara-teknikaria

Atzera
Aisia.net
Laguntzailea:
Jaurlaritza