Urtxintxa bezala
Aiora Zulaika
Aiorak begirale ikastaroa Urtxintxarekin egin eta gero aisialdiko heziketan lan ezberdinak egin zituen. Pirritxek hartu zuen haurrak alaitzeko Aioraren lekukoa eta horretan dihardu herriz herri Euskal Herriko txoko guztiak irriz betetzen. Jarraian, 25.urteurrena dela eta berak idatzi diguna:
“Urtxintxak oihanian jauzika, aldaxkatik aldaxkarat… Zuk erradazu, ama, zendako ez diren erortzen lurrerat? Nik ere nahi nuke izan urtxintxa bezala! Hain gora, hain trebe, izaiteko libre!”
Hala hasten da Manex Pagolaren kantua, txikitan Pantxoa ta Peioren ahotsetan ezagutu genuena. Bizitzako une desberdinetan agertu zait abestia, nire ‘pelikularen’ soinu banda bihurtzeraino. Eta une horietan urtxintxak imajinatu ditut, alai, zuhaitzetan saltari, buruz behera buztanetik…
Hemeretzi bat urte nituen herriko euskara elkarteak antolatutako begirale ikastaroan izena eman nuenean. Urtxintxako lagunek ematen zizkiguten eskolak. Astebururo elkartzen ginen, eta momentu oso alaiak oroitzen ditut. Pentsatzen jarrita, txapa teoriko eroak ere badatozkit gogora, baita eztabaida sutsuak ere bai (aztoratutako oilategiaren simulakroak, lagunartekoak, beti ere). Kontzeptuak ere oroitzen ditut, ordura arte sekula landu ez nituen kontzeptuak: Aisia, jolasa, hezkidetza, haztea eta heztea… Garai hartan ez nintzen hainbeste konturatu, baina aisialdian hezitzaile izateko aisian hezi gintuzten. Jolasa zen tresna, pila bat jolasten genuen, eta kantatu, eta dantzatu, eta barre mordoa egiten genuen, haurrak bezala, urtxintxak bezala… pailazoak bezala.
Lehen aldiz haurra hezitzaile begiz ikusteko betaurrekoak eman zizkidan Urtxintxak. Pailazook diogu bizitza begiratzeko modu berezia dugula: Gertakari latzenaren aurrean ere, errealitatea gure koloretako begietatik iragazi eta itxaropen mezuak ematen ikasi dugu, bizitzari irri egiten. Izan ere, irria, umorea, barre algara baino askoz haratago doa. Umorea bizitzaren aurrean dugun jarrera bilakatu da, bizimodu bihurtu da.
Bada teoria bat dioena gutako bakoitzak gauza bat egiteko dohain berezia duela, eta dohain hori deskubritzean eta garatzean datzala zoriontasunak. Ez dakit hala ote den, baina Pirritx naizenean ni baino niago sentitzen naiz, eta zoriontsu. Urtxintxa bezala izan nahi dut, eta halaxe sentitzen naiz sudur gorria jantzitakoan.
Atzera











