Argentinan sortutako eta Katalunian garatutako metodologia honek, dagoeneko, lehen urratsak eman ditu Euskal Herrian. Zerbikas fundazioaren bidez hainbat esperientzia garatu dira, gehienbat hezkuntza formaleko zentroetan.
Urtxintxa Eskolak esperientzia handia du formazioa eta interbentzio egitasmoak garatzen: begirale ikastaroak, monografikoak, gurasoentzat ikastaroak, irakasleentzat formazioa, udalekuak, haur eta gazte ekipamenduak…Beraz, ikasketa eta zerbitzu solidarioak Urtxintxaren lanarekin bat datoz erabat.
Horrekin batera, Gipuzkoan azken urteetan sortu diren hainbat beharrei erantzuteko bide berri bat irekitzeko asmoa dugu:
Lehen urte honetan ikasketa eta zerbitzu solidarioen aplikazio zehatza etorri berriei harrera egiteko egitasmo baten zehazten da. Hala ere, Urtxintxaren asmoa etorkizunean metodologia hau beste hainbat gizarte egitasmo sustatzeko erabiltzea da. Beti ere, gazteen inplikazioa bilatuz.
Azken finean, lehen urte honek garrantzi handia izango du egitasmo hauen oinarrizko diseinua finkatzeko eta lehen proba pilotua garatzeko eta ebaluatzeko.
Ikasketa eta zerbitzu solidarioko proiektuak behar bezala abian jartzeko, parte-hartzaileek une oro jakin behar dute zer egiten den eta nolako erabilgarritasun soziala duen. Ezinbestekoa da aukeratutako prozesuari, egindako ikaskuntzei eta zerbitzuaren eraginari buruz hausnartzea. Hausnarketa horri esker, ikasketa berriak txertatu eta integratu egin daitezke, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko eta jarrera paternalistak gainditzeko, egindako zerbitzuaren bidez asko ikasten dutela konturatzen direlako protagonistak.