HELBURUAK
a. Egitasmo honen lehen xedea euskara erabiltzeko joera lantzea da. Hizkuntza heziketarako programa honen bidez hizkuntzarekiko jarrerak, balioak eta arau sozialak jorratu nahi ditugu.
Horretarako gaztetxoek hizkuntzarekiko dituzten usteak lantzen saiatuko gara. Robert Dilts-en ereduaren arabera, ez da nahikoa lortu nahi diren jokabide-aldaketak definitzea. Goragoko maila neurologikoetan ere eragin beharra dago: gaitasunetan eta, batez ere, usteetan. Usteek gaitasunak hautatzen dituzte, eta gaitasunek jokabideak, eta horiek, era berean, ingurunea eraikitzen dute.
Gure usteek eragin izugarria dute gure jokabideetan; motibatu egiten gaituzte eta moldatu egiten dituzte gure jokabideak. Gainera, usteak dira gure bizitzaren gidari; egonkortasuna eta jarraitutasuna ematen digute. Beraz, gazteek hizkuntzarekiko dituzten usteei buruz hausnartuko dugu.
b. Honekin batera, hizkuntzaren alderdi estetiko-ludikoa landu nahi dugu sormena euskaraz bideratuz.
Usteetan eragiteaz gain gaitasunetan eragin nahi dugu. Gaitasunak bizitzan erabiltzen ditugun portaera, trebetasun orokor eta estrategiak dira. Euskararen erabilera areagotzeko egoera eta erregistro ezberdinetarako gaitasuna behar da. Gaitasun hori lortzeko sormena eta hizkuntzaren alderdi estetiko-ludikoa lantzeak garrantzi handia du.
Beraz, programa honen bidez usteak eta gaitasunetan eragiten saiatuko gara euskararen erabilera (jokabidea) handitzeko
METODOLOGIA
Programa honen bidez usteak eta gaitasunetan eragiten saiatzen gara euskararen erabilera handitzeko. Talde dinamikan eta guztion parte hartzean oinarritutako metodologiaren bidez hainbat gai jorratzen ditugu 12 eta 16 urteko gazteen artean: aurreiritzi linguistikoak, hizkuntza aniztasuna, euskararen aurreiritziak, euskara eta euskal kultura, erabileraren zailtasunak eta aukerak, erabilera handitzeko tresnak...
Hezhiz programa hainbat gazte talderekin jorratzen ari gara 2012. urtean. Talde bakoitzarekin 10 eta 20 ordu arteko dinamizazioak jorratzen ditugu. Batzuekin herrian bertan aritzen gara, saio laburrak hainbat egunetan jorratuz. Besteekin bi egunetako egonaldiak antolatzen ditugu aterpetxe batean.
Saio hauen metodologia erabat dinamikoa eta partehartzailea da. Lehentasunezkoa da gazteek ondo pasatzea saio hauetan, benetan helburuak lortu nahi badira. Horregatik, beraien esperientzia eta hausnarketatik abiatuz hizkuntzaren gaia jorratzen dugu lortu nahi diren helburuetara iristen ahalegintzen gara.
Saio hauen dinamizatzaileei dagokionez, gazteak dira, aisialdiko programetan esperientzia dute, heziketarekin lotutako formazioa dute, hizkuntza naturaltasunez erabiltzeko aparteko arazorik ez dute eta gaztetxoen partehartzea errazten eta dinamizatzen trebeak dira.
---------------------------------------------------
Jarraian, 2010ean Udaltop jardunaldietarako prestatutako HezHiz programaren inguruko artikuluaren bidez, programa honen oinarri teorikoa aurkeztuko dugu:
Bertan azaltzen dugu programa pilotua Deban martxan jartzeko erabili genituen oinarri soziolinguistikoak eta metodologikoak zein izan ziren.